Proiektuak

 

Atal hau sortu dugu, Udalak burutuko dituen proiektuen artean kuttunena aurkezteko: Haurreskola berria.

Mendebaldeko aldearen irudia Haurreskola

1.000.000 €tik gorako aurrekontua duen proiektu handi bezain garrantzitsua da honako hau. GAZ Arquitectos enpresak egindako proiektua onartuta dago dagoeneko. Beraiek arduratuko dira obra-zuzendaritzaz, eta exekuzioa 2010ean zehar burutzea aurreikusi da. Dagokion prozeduraren bidez adjudikazioa egin ostean, 8 hilabeteren buruan obrak burututa egongo dira, 2010. urtea amaitu orduko, alegia.

Eraikin berri hau Bekosolo Parkean kokatuko da, gaur egun behin-behineko moduluak ezarri diren lekutik oso gertu. Udalerriko txikienek, beraz, Barandiaran Ikastetxeko haur hezkuntzako ikasgelen aldamenean izango dituzten modulu berriak.

Testu honekin batera, eraikin berriak izango duen irudiaren inguruko zenbait zertzelada jaso ditugu.

Ekialdeko aldearen irudia Haurreskola

Udal Haurreskola oin bakarrekoa izango da, erabiltzaile txikiei ahalik eta arreta hoberena emateko. Sei unitatez osatuta egongo da; unitate horiek ondo orientatuta daude.

Ikasgela guztiak kanpoaldera begira daude, eta eguzkitsuak dira; espazio osagarriak, hau da, psikomotrizitate gela, barruko jolas-eremua edota elikagaiak prestatzeko txokoa, elkarrengandik oso hurbil daude; horrela, distantziak murriztu eta joan-etorriak ekiditen dira, hala umeentzat, nola zaintzaileentzat. Aldagelak, administrazioa eta harrera-gela sarreratik gertu daude eta, ondorioz, ez dute Haurreskolaren eguneroko lana oztopatzen.

Barrualdearen simulazioa Haurreskola

Gela guztiak argitsuak dira, oztopo arkitektonikorik gabe. Barrualdearen eta kanpoaldearen arteko lotura, beraz, estu-estua da, betiere haurren intimitatea errespetatuz, kanpoaldean daudenean batez ere. Eraikinaren egitura guztiz aproposa da horretarako, ingurune osoan landarez osaturiko ezponda bat baitu.