Txikientzako udal-baliabideak

Etxebarri oso udalerri gaztea da, eta haur kopurua gero eta handiagoa da. Horregatik, mota guztietako baliabideak ditu Etxebarrik, beren beharrak asetzeko.

HEZKUNTZA
Jaio eta hilabete gutxira, Haurreskolak dituzte (Bekosolo eta Zintururi) eta haurreskola pribatu bat, Etxebarriko Haur-eskola. Azken horrek momentuz 2 urtera arteko eskaintza dauka. Adin horretatik aurrera, Kukullaga HLHIk 2 eta 5 urte bitarteko ikasgelak ditu, derrigorrezko hezkuntzaren aurretik. Kukullaga HLHIk 3 egoitza ditu: 2 eraikin San Antonion eta San Estebanen, haur hezkuntza emateko; eta eraikin nagusia, lehen hezkuntza emateko. Gerora, Etxebarri BHIra joan daitezke, DBH ikasteko. Ikasleen gurasoen elkarteak beste baliabide bat dira hezkuntza mailan.

EUSKARA
Udalerrian haur eta gazteentzako ekitaldi gehienetan erabilitako transmisio-hizkuntza Euskara da. Izan ere, eskola-adinean dauden etxebarritar gehienak D ereduan daude matrikulatuta. Halaber, euskarazko aldizkaria argitaratzen dute beraiek eta beraientzat: Etxebarri Txiki.

AISIA ETA DENBORA LIBREA
Parke eta lorategi publiko handiek, babestuta eta trafikorik gabe, haurrentzako 24 jolastoki dituzte Etxebarri osoan banatuta. Horiek jolas sistema modernoak eta babesteko lurzoru bereziak dituzte, eta gainera, horietako 2 estalita daude. Euria eta hotza egiten duenerako, Gune Estaliak dituzte Kukullaga eta Ametzola parkeetan, baita ikastetxeetan eta frontoian ere.

Era berean, 2 ludoteka daude (Metakal eta Kultur Etxea), erabat hornituak eta urte osoan zabalik, 6 eta 10 urte bitarteko umeentzat. Tarrasta hezkuntza ez formaleko aisialdi-zentroa da, 11 eta 14 urte bitarteko nerabeentzat, eta bertara modu librean joan daitezke.

Liburutegiek ere fondoen eskaintza zabala dute haurrentzat, eta ekintza bereziak egiten dituzte urtero.

UDA
Udako oporraldia da txikienek baliabide gehien eskatzen dituzten garaia Horregatik, Udalekuak eskaintzen ditu Udalak.

KIROLAK
Kirol guneek, besteak beste Kiroldegiak, Udal Frontoiak edo Futbol Zelaiak, haientzat bereziki eskaintzen dituzte jarduera, ikastaro eta tailer ugari. Gainera, parke eta lorategietan aisialdiko hainbat instalazio daude mota guztietako kirolak egiteko: areto-futbola, saskibaloia, eskubaloia, atletismoa…
 
OSASUNA
Etxebarriko Osasun Zentroak Erizaintza eta Emagin zerbitzuak ditu, baita pediatriako zerbitzu nagusiak ere. 

GARRAIOAK
Ikastetxera, institutora edo gainontzeko udal zerbitzuetara heltzeko udal garraio zerbitzuak, Etxebarribus, Gazte Bonoa eskaintzen die, 5 eta 25 urte bitarteko etxebarritarrei. Bonoarekin, nahi diren beste bidai egin daitezke, hilabetero ordaindu eta baliogarria da iraila eta ekaina bitartean.

BABESA

Gizarte Zerbitzuen bitartez, adingabeek eta beren familiek arreta espezializatua jaso dezakete, hala behar izanez gero. Eskolako laguntza, esaterako, Gizarte eta Hezkuntzarako Esku-hartze Taldearen ardurapean dago. Nolanahi ere, Estatu mailan haurren laguntzarako telefonoa hauxe da: 116111

JAIAK ETA EKITALDIAK
Jakina, gure herrian egiten diren jarduera ia guztietan, haurrentzako ekintza bereziak programatzen dira, eta noski, urtean zehar egindako ekitaldietan ere, txikienak dira protagonista nagusiak. Etxebarriko jaietan, San Antonioko jaietan eta beste momentu batzuetan ere, besteak beste Gabonetan eta Inauterietan, haurrak protagonista nagusiak dira ekintza gehienetan.

Etxebarriko elkarte askok umeen esparruan oinarritzen dute beren jarduera eta eskaintza: aisialdia, pintura, musika, gimnasia, arte martzialak, futbola, saskibaloia, igeriketa…

Errekurtsoak

  • Haurreskolak
  • Kukullaga Ikastetxea
  • Ludoteka
  • Haur Jolas-Guneak
  • Etxebarri txiki
  • Tarrasta
  • Udalekuak