EBPN - Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia

EBPN Goiburua

Etxebarriko Udalak hainbat urrats eman du hizkuntzaren normalkuntzaren prozesuan azken urteotan:

2001ean Udal Euskara Zerbitzua sortu zen.

2003an Administraziorako Euskararen Erabilera Plana diseinatu zen , oraintsu eguneratu dena..

2004-2008 Plan Estrategikoa diseinatu zen. Bertan helburuak eta jarduerak zehaztu ziren esparruka eta lehentasuneren arabera sailkatuta. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aztertu eta jarraitu zuen. 2003ko abenduan Osoko Bilkurak aho batez onartu zuen Plan hau.

Plan Orokor honen helburu nagusia euskaraz bizi ahal izateko beharrezkoak diren hizkuntza politikako neurriak zehaztea eta sustatzea da.

Era berean, hiru dira helburu estrategikoak: Euskararen transmisioa eta ondorengoetaratzea, Euskararen presentzia gizartean: zerbitzuak euskaraz ematea eta Hizkuntzaren kalitatea..

Plan honetan alor hauek lantzen dira: hezkuntza, euskalduntze-alfabetatzea, familia-transmisioa, administrazioa, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak, empresa mundua, aisialdia, kirola, erlijioa, corpusa, komunikabideak, liburugintza, publizitatea eta kultura.

Plan honen onarpenak baliabide ekonomiko zein giza baliabideen egokitzapena ekarri zuen. Egokitzapena plan estrategikoa garatzen zen bitartean gertatu zen.

Giza-baliabideen aldetik langile bat gehiago jarri zen Euskara Zerbitzuan eta baliabide ekonomikoei dagokienez euskararen aurrekontuek igoera nabarmena izan dute azken urteotan. Igoera esanguratsu honek erakundeetatik jaso den dirulaguntza kopuruan ere izan du bere isla, bai Foru Aldunditik bai Eusko Jaurlaritzatik.

Aukera baliatu nahi dut Etxebarriko udalaren izenean etxebarritar guztioi esker ona emateko. Gure nahia herritarrei kalitatezko zerbitzua bermatzea da plan hau garatuz doan heinean eta erakundeekin hizkuntza normalkuntza arloan harturiko konpromezuak zintzo errespetatuko ditugula berresten dut.

Jarraian 2009-2013 plangintzaldia betetzen zuen PGPE-EBPN-REN Plan Estrategikoa etorri zen. EBPNren lehen plangintzaldiak neurri handi batean helburu estrategiko nagusitzat euskararen transmisioa eta ezagutza izan bazuen ere; bigarrenean, aldiz, ezagutzaren aldeko lan dinamikak eta helburuak jorratzen jarraitzeaz gain, indar berezia egin nahi zitzaion euskararen erabilerari; bereziki, kalean, administrazioan, merkataritzan, kulturgintza eta aisialdian.

Etxebarrin Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) bere garaian mugarri bat izan zen, eta udalak hizkuntza plangintza modu logiko eta praktikoan antolatu zuen, hiru helburu estrategiko (euskararen transmisioa, erabilera eta elikadura) ardatz harturik. Haren arlo batzuk, nolanahi ere, 2013an gaindituak zeuden edo beste era bateko trataera eskatzen zuten. Plan nagusi haren oinarrizko osagai asko bere horretan utzi arren, beste zenbait egungo premietara egokitu behar izan zen.

Eusko Jaurlaritzak 2013ra arte indarren egon zen Euskararen Normalizazioaren Plana berrizte aldera, plan berri bat diseinatu zuen, ESEP izenekoa. Etxebarriko Udalak plan berri honekin bat egitea onartu zuen. Ondorioz EBPN plana bukatu zen eta ESEP plana hasi zen Etxebarrin ere. Plangintzaldi berri honen epealdia: 2014ko urtarrilaren 1etik 2017ko abenduaren 31ra.

Funtsean ESEPak eta EBPNak helburu estrategiko berberak planteatzen dituzte.
Konparaketa EBPN-ESEP
Baina aurreko plangintzetan ez bezala, ESEP-aren helburu nagusia Etxebarrin euskararen erabilera handitzea eta zabaltzea izango da.

Bestetik, EBPNren azken plangintzaldian emandako jauziari jarraipena eta sendotasuna eman nahi izan zitzaion plan berri honetan: ekintzetan eta ekimenetan hartzaileak umeak izateaz gain, gazteak eta helduak izatea gure hizkuntz-normalizazioari begirako estrategien eta ekintzen hartzaileak.

ESEParen berrikuntzarik nagusiena helburu estrategikoak lortzeko planean bi zehar-lerro jasotzearena izan zen: euskararen aldeko motibazioa eta euskararen zabalkundea. Hizkuntzaren erabilerari guztiz eragiten dieten faktore hauek plan honen ekintzen atalean garatu dira.
Errealitate ezaguna da Euskal Herri mailan, baita gure herrian ere, euskararen erabilera ezagutza baino apalagoa dela. Bien arteko hazkunde erritmo ezberdinak areagotu egiten dute ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea.

Erabilera bultzatzeko lanean hiru zutabe hartu zituen kontuan plan berriak: hizkuntza eskubideen aitorpena eta babesa, euskararen hiztun-elkartearen edo komunitatearen sendoketa eta, azkenik, euskararen eta euskal kulturaren erakargarritasuna. Hiru zutabe horiek plan honen lan ildoetan eta neurrietan zehaztu eta haratuko dira.

EBPNren jarraipena eman zion ESEP normalizazio planaren ildo eta oinarri teorikoak hauek izan ziren:

  • Euskararen ezagutza eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea.
  • Familia-transmisioa bermatzea, oso bereziki 25 urte barru izango diren 30 urtez azpiko
    gazte elebidunek euskara ere izan dezaten etxeko hizkuntza. Hauxe dugu etorkizunaren
    gako nagusia.
  • Etxebarriko euskal hiztunen erkidegoa trinkotzea, euskararen erabilerarako sare- operatibo presentzialak zein birtualak hedatuz eta indartuz.
  • Euskara erabiltzeko aukerak areagotzea, familia euskaldunei, gazteei eta haurrei lehentasuna emanez.
  • Elebitasuna helduen munduan areagotzea eta prestigiatzea.
  • Euskarazko kultur kontsumoa indartzea.
  • Euskara eta haren munduak etorkinengana hurbiltzea, hauen integrazio zabala eta aberasgarria ahalbidetzeko.
  • Hizkuntza eskubideak eremu publikoan aitortzeko eta egikaritzeko aukerak bermatzea.
  • Euskararen erakargarritasuna lantzea eta era egokian proiektatzea: euskararen unibertsoa.
  • Euskararen irudiari prestigioa ematea, euskal gizartearen kohesiorako osagai ezinbestekoa dela praktikan eta diskurtso publikoan adieraziz.
  • Teknologi berriak euskararen normalkuntzaren eta erabileraren mesedetan erabiltzea. 
  • Hizkuntza politikaren inguruko neurriak eta proiektuak herritarrekin, taldeekin, elkarteekin eta klubekin martxan jartzea, etengabe elikatzea eta sendotzea.

Dokumentuak

 EBPN 2004-2008 (pdf, 46 Kb)
 EBPN 2009-2012 (pdf, 80 Kb)
 EBPN 2014-2017 (pdf, 56 Kb)
  • Berbalapiko Bloga
  • Euskara. Bizkaiko Foru Aldundia
  • Hizkuntza Politika
  • HABE
  • IVAP