Albisteak

 

Alkarbidek – Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak -, Etxebarriko Udalaren eta Bizkaiko beste hainbat udalerri eta eskualderekin elkarlanean, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, KAISHOP, zer behar duzu? kanpaina jarri du martxan, herrietako merkataritza eta euskara batuz.

Etxebarriz gain, kanpaina herri eta eskualde hauetan ere jarriko da abian, euskarri digital eta fisikoen bidez:

  • Basauri
  • Getxo
  • Muskiz
  • Erandio
  • Mungia
  • Txorierri
  • Gernika-Lumo

Azaroaren 7an hasi eta 20an bukatuko den kanpaina honen bidez, bi gai nagusitan jarri nahi dugu arreta:

  • Tokian tokiko merkataritzak ematen digun tratu pertsonal eta gertukoa, urrutiko erosketetan sentitu dezakegun tratu inpertsonalarekin alderatuz. Izan ere, kalitatezko produktuak gertu eskuratzeko aukera ematen du, gure beharretara egokitzen den zerbitzu bati esker.
  • Euskarak tokian tokiko merkataritzan duen garrantzia. Euskara guztiona da, jantzia, osoa, aberatsa, gertukoa… kalitatezkoa. Beste hizkuntzetan erostean batzuetan deseroso edo arrotz sentitu gaitezke.

Bi gaiak uztartuz, kanpainaren hartzaile izango diren Etxebarriko herritarrei gonbidapena luzatuko diegu herrian eta euskaraz eros dezaten. Gainera, lehiaketa bat jarriko dugu martxan sozialetan. Kanpaina honen inguruko argitalpenaren zabalpenean parte hartzearen truke, parte hartzaileek herriko komertzioan erosteko 60 euroko bonoa eskuratu ahal izango dute; noski, abenduaren 4an egingo den zozketan aukeratuak badira, data hau aukeratu da Euskaraldia ekimenaren bukaerarekin bat etorriz.

Kanpaina gehiago ezagutu nahi baduzu,

  • Erantsita topatuko duzu kanpainaren esku-orria.
  • Kaishop kanpainaren youtubeko kanalean ikus dezakezu zabalduko dugun lehen bideo laburra. Bertan parte hartu du Sara Gandara Aller kazetari eta telebista aurkezle bizkaitarrak ere.

Behin kanpaina amaituta, azaroaren 20an Euskaraldia hasiko da. Kanpainaren datak ekimen honekin lotzea ez da kasualitatea; gai berari heltzeko bi modu ezberdin dira eta elkar elikatzen dute. Kaishop kanpaina amaitu ondoren ere, Etxebarriko merkatariek urte osoko lana egiten dute bezeroari “zer behar duzu?” batekin euskaraz agurtu eta arreta emanez.

Azkenik, azpimarratu behar da Udalak berak ahalegin handia egin duela tokiko merkataritza dinamizatzeko hainbat eremutan, hala nola, ekonomian eta hizkuntzan, azaroan zehar zabalduko diren diru-laguntzen eta laguntzen ildoen bitartez.

Bihartik aurrera eta azaroaren 20ra bitarte, sare sozial hauetan kanpainaren eduki digital ezberdinak zabalduko ditugu: Youtube, Instagram, Twitter eta Facebook.

#Kaishop #erosieuskaraz #erosiherrian

Eskuorria (PDF 9MB)

Bideoa: Kaishop! Zer behar duzu?...erosi euskaraz, herrian!