Albisteak

 

Osakidetzaren txostenen arabera, Etxebarri "semaforo" laranjan dago. Birusaren eraginaren arabera 4 kolore ditu baremazioak: berdea, horia, laranja eta gorria.

Baremo hori 100.000 biztanleko azken 14 egunetako tasen arabera kalkulatzen da. Gaur egun, tasa 440,99 da; beraz, egoera "laranja" da, eta 50 kasu positibo izan dira azken 14 egunetan. 500 baino gehiago badira (56 izango lirateke positiboak azken 14 egunetan), murrizketa handiagoak aplikatu behar direla esan nahiko du.

Udalean kezkatuta gaude egoerarekin, eta erantzukizun osoa eskatzen dugu birusaren eragina minimizatzeko eta martxan jarritako neurriak zorrotz betetzeko.

Gainera, udalerriaren egoera epidemiologikoa dela eta, eta arriskuak gutxitzeko, neurri horietako batzuk areagotuko dira:

 

  • Ostalaritza-zerbitzuak. Ostalaritzari komunikazio bat bidali zaio bezeroentzat ikusgai egon beharko duten arau berriekin.
  • Haur-parkeen edukiera mugatzea. Haur-parkeen edukiera betetzea azpimarratuko da, eta gehieneko pertsona-kopurua erabilera-arauekin batera ezarriko da.
  • Udaltzaingoa. Neurri berriak betetzeko kontrolak areagotuko dira.

Neurri horien helburua da, batetik, tasa jaistea, neurri murriztaileagoak hartu behar ez izateko, baina, batez ere, eta are garrantzitsuagoa, arriskuak minimizatzea, zu zaintzea, gu zaintzea.

#EutsiEtxebarri