Albisteak

 

ETXEBARRIKO UDALAK HARTUTAKO NEURRIEN LABURPENA

  • Sortzen diren beharrak identifikatzeko Etxebarriko ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin eta guraso-elkarteekin komunikazioa eta koordinazioa.
  • Familientzat oso beharrezkoak diren zerbitzuak (Harrera eta ZAINTZA) berrezartzeko lankidetza eta errefortzua
  • Udal eta Gazteria Zerbitzuko guneak lagatzea: kiroldegia, frontoia, kultur-etxea, liburutegiak, Talka, Tarrasta eta Mugarri.
  • Giza-Baliabideak eskaintzea, bai patioak dinamizatzen laguntzeko, baita 2019/20 ikasturteko azken hiruhilekoan ikasleen artean sortu izan daiteken gaitasun-tartea txikiagotzen laguntzeko ere.
  • Udalaren ardurapeko zentroetan garbiketa eta desinfekzio-lanak indartzea.
  • Erabiltzen dituzten espazioak hobeto antolatzeko behar izan dezaketen eta gure esku egon daitekeen material guztia uztea.
  • Udaltzaingoaren agenteen presentzia sarrera eta irteera orduetan indartzea.

Etxebarriko Udala abuztuan jarri zen ikastetxeetako zuzendaritzekin herrian dituen espazioak eskaintzeko harremanetan eta, horrela, Osasun Sailak Derrigorrezko Hezkuntzari ezarri dizkion arauek sor zitzaketen beharrak arintzen laguntzeko.

Baina jakitun izanik espazio horiek ezin izango direla erabili taldeak banatzea ahalbidetuko lukeen irakasle gehiagorik gabe, Udal Haur eta Gazteria Zerbitzuetako baliabideak ere eskaini zaizkie ikastetxeei, bai patioak dinamizatzeko baina baita ikasgelen barruko errefortzu akademikoko lanetan aritzeko ere. Hori guztia ikastetxeekin koordinatuta.

Gainera, osasun araudiak ezarritako murrizketen eraginez, familientzat hain beharrezkoak diren zerbitzuak ezin izango zirenez eskaini, Harrera eta Zaintza esaterako; hasiera batetik guraso-elkarteekin eta zuzendaritzarekin batera ari gara lanean, horien ordezkoa izan daitekeen antzeko zerbitzu bat eskaini ahal izateko, alde batetik familiei kontziliazioan lagundu ahal diena, baina, batez ere, Kukullaga Ikastetxea 3 eraikin independentetan antolatuta dagoenez, familiek euren seme-alabak dagokien eraikinera eta dagokien orduan eramateko aukera izan dezaten.

Bi ikastetxeei udal-espazioen erabilerari buruz egindako eskaintzaz gain, eta zuzendaritza-taldeak antzemandako premiak direla eta, udala baloratzen ari da Institutuari begirale-baliabideak eskola-orduetatik kanpo indartzea, eta Harribide Fundazioarekin koordinatzen ari da Mugarri Gazte Gunearen instalazioen erabilera.

Argi zegoen, halaber, udalaren ardurapean dauden ikastetxeetako garbiketa-zerbitzuak indartu behar zirela, osasun-arauek hala ezarri baitute; baina era berean, sarrerako eta irteerako orduetan udal-agenteen presentzia indartu egin da, COVID-aren aurkako Prebentzio Protokoloak familiak eskolatik kanpo itxarotera behartzen baititu.

Beraz, laburbilduz, osasun-egoerak behartuta hezkuntzaren munduan egin behar izan diren murrizketak ahalik eta gehien arintzeko Etxebarriko Udalak bere esku dituen baliabideak ikastetxeei eskaini dizkiela esan dezakegu, bai azpiegiturei dagokienez, bai giza-baliabideei dagokienez, baina baita ia udal-arlo guztietako zerbitzuei dagokienez ere (Hezkuntza eta Euskara, noski, baina baita Haur eta Gazteria, Kirol eta Liburutegiak, Hirigintza, Gizarte Zerbitzuak, Herritarren Segurtasuna), honekin guztiarekin, osasun egoerak zuzenean eragin dituen hezkuntza eta familia eremuen beharrak asetzea da asmoa.

Gainera, oso garrantzitsua da lan hau guztia zuzendaritzekin eta guraso-elkarteekin etengabeko komunikazio eta koordinazioarekin egiten ari dela nabarmentzea, 2020/21 ikasturtearen hasiera honetan agerian geratzen ari diren benetako beharrak asetzen laguntzeko asmoz.