Albisteak

 

Etxebarriko Udalak esleitu ditu igerileku estalien eta Udal Kiroldegiko erabilera anitzeko aretoen eraikinaren estalduraren ordezkapen lanak.  

Udal teknikarien arabera estaldura horren balio-bizitza bukatu da (eraikin hau 1995ean hasi zen martxan), eta beharrezkoa da ordezkapenari ekitea irazgaiztze eta hermetikotasun baldintzak hobetu asmoz. Lan hau udal eraikin publikoen mantentze eta inbertsioen planaren neurri bat da.

Lanek 6 eta 8 aste iraun dezaketela aurreikusten da, meteorologiak baldintzatu arren. Lanak uztailaren 22an hasiko dira, instalazioaren erabilera gutxienekoaren garaia aprobetxatuz.
 
Enpresa esleituak Udal Bulego Teknikoarekin koordinatuz ezarritako Segurtasun Planak datak eta instalazioaren erabilerak doitzea behartu du. Hori dela-eta, uda garaian eguzki eta igerileku guneen erabilerak hauek izango dira:

  • IGERILEKU ESTALIAK. Itxita egongo dira uztailaren 22tik lanak bukatu arte.
  • EGUZKI GUNEA. Irekita egongo da ekainaren 1etik irailaren 29ra etenik gabe instalazioaren irekiera ordutegian. Beti ere, kontuan hartuz lanen segurtasun planak jar ditzakeen ustezko mugak.
  • UMEEN PLISTI-PLASTA IGERILEKUA. Kanpoko igerilekua erabili ahal izango da ekainaren 15etik uztailaren 21era (barne) eta lanak bukatzen direnetik irailaren 29ra arte.

Hauek  guztiak aurrez kontuan hartutako datak izan arren, lanaren tamaina ikusita Kiroldegiaren zerbitzuek aparteko eragozpenak izan ditzakete. Azken hauek era egokian jakinaraziak izango dira.

Kiroldegiaren beste gune guztiek normaltasunez funtzionatuko dute, urtero egiten geldialdi teknikoa ezik. Azken hauek lanek iraun bitartean egingo dira eta ez Aste Santuan (publikoari irekita dauden datak). Geldialdi honen ondorioz instalazio osoa itxi egin behar da desinfekzio eta legionella tratamendu lanak, beste batzuen artean, egin ahal izateko.

Egoera hau kontuan hartu zen irailean Kiroldegiko 2019ko tasen onarpena egiterakoan. Urteko eta denboraldiko abonuetan beherapen proportzionalak egin ziren lan hauengatik beharrezkoak diren asteak kontuan hartuz.  

Lanak Modo Caste S.L. enpresari esleitu zaizkio 96.739,50 euroko (BEZ barne) zenbatekoagatik.