Albisteak

 

2018ko kontabilitate-itxiera positiboan izateak 1.600.000 € baino gehiagoko soberakina dakar herritarren beharrei aurre egiteko.

2018ko kontabilitate-ekitaldia behin itxita, hauexek dira ekitaldiko aurrekontuaren emaitzaren daturik esanguratsuenak, baita geldikinarenak ere.

Sarrera eta gastuen hasierako aurrekontua 2018rako 11.407.359,62 eurokoa izan zen, ia milioi bat gehiago iazkoarekin alderatuta (2017 - 10.549.914,89 €). Gogoan izan aurrekontu hau 2011koaren oso antzekoa dela, ekonomiaren beherapen urte batzuk ondoren.

Gehikuntza honen arrazoia Udalkutxa foru funtsaren banaketan jasotako kopuruan dago. Bizkaiko Udal guztiek 2016an eta 2017an  jasotako diruaren zati bat itzuli behar izan zuten.  Etxebarriko Udalak bi ekitaldi horietan itzulitako guztia milioi bat euro baino gehiago izan zen.

Aurreko urtean sortutako geldikinari kargu eginez, urtean zehar eginiko aurrekontu aldaketa guztiekin, aurrekontua 14.445.835,63 € izatera pasatu zuten.

Behin ekitaldia amaitua, sarrerak 12.046.958,93 € dira eta gastuak 11.426.570,33 €. Ondorioz, aurrekontuak  620.388,60 euroko emaitza positiboa izan du.

2018an 1.618.602,99 euroko inbertsioak burutu dira (2017an baino ia bikoitza gehiago), hasierako aurrekontua gutxi gorabehera 870.000 eurokoa izan arren. Inbertsio hauen kopururik nagusienak hauetan erabili dira: Asturias eta Extremadura kaleen eta kantoien berrurbanizazioa, lan brigadarentzat pabiloi industrial baten erosketa, Kukullaga ikastetxeko estalkiaren handiagotzea, txakurren lehen eremuaren eraketa, Ganguren Mendi kaleko aparkamendua, Bekosolo lursailaren birmoldaketa eta Kultur Etxearen eta Goikoa Jubilatuen Egoitzaren intsonorizazioak.  

Hau guztia kontua hartuta, eta aurrekontuaren emaitzaren arabera, behin doikuntza burutua, diruzaintzaren geldikina gastu orokorretarako 3.500.964,31 euroko da.

Kontuan izan behar dugu geldikina 2018an hasi ziren zenbait proiektutarako konprometitua dagoela, baina 2019an burutuko direla: Santa Marina eta Egetiaga Uribarri kaleetako urbanizazioa, zaintza-kamerak instalatzea, edukiontzi berriak erostea, argikuntzan hobekuntzak, asfaltatzeak eta martxan dauden enplegu planak. Guztira 1.893.296,83 € gehitzen dira 2019rako eta kopuru hau geldikinetik deskontatu beharra dago. Hori dela-eta, aurtengorako eskuragarri dagoen geldikina  1.607.667,48 eurokoa da €.

Datu positibo hauei Udalkutxako likidazio positiboa (aurreikusten dena baino gehiago jasotzen denean udalen artean banatzen da, eta alderantziz denean itzuli egin behar da) gehitu behar zaie. Udalkutxaren eskutik aparteko sarrera gisa 430.894 € jaso dira.

Legealdia bukatzear dagoen honetan, Etxebarriko Udala kaudimenduna izateaz gain, zorrik izan gabe jarraitzen duela esan daiteke. Ondorioz, udalak inbertsio berriak martxan jartzeko marjina du, herritarren bizi kalitatea hobetu asmoz. Hau guztia kudeaketa zuhur eta arduratsu bati esker, garai sozioekonomiko korapilatsu batean.

Udalaren gardentasun printzipioa mantenduz udalaren web gunean eta Hirixen argitaratuta dago aurrekontuaren likidazioaren informazio zehaztua. Horretaz gain, 2018ko kudeaketa plana, aurrekontu onartuak eta aurreko ekitaldietako likidazioak ere kontsulta daitezke.

GEHIAGO JAKITEKO...
 AURREKONTUA >> (Web atala)
 LEGEALDIAREN MEMORIA (pdf, 516 Kb)