Albisteak

 

Ohitura den bezala, Olentzero egunean Etxebarriko Olentzero batzordearen eskutik elkartasun pintxoez gozatzeko aukera egoten da Etxebarriko Udaletxeko plazan. Abenduaren 24an Olentzerok herriko kaleetatik zehar ibilbidea egin ondoren,  frontoian hartzen ditu haurrak eta itxaron bitartean txorizo pintxoak dastatu ahal izaten dira. Munduaz blaiek batzordearen izenean bideratzen du urtez-urte pintxo-pote hau.

Aurten ere ohiturak mantendu dira eta oso arrakastatsua izan da. 826 pintxo-pote saldu izan dira eta ondorioz 826 euro bideratu ahal izan dira saharar errefuxiatu kanpamentuetako proiektuak aurrera eramateko. Munduaz Blai Elkartearen bitartez, irabaziak Etxebarrirekin senidetuta dagoen Smarako Echderia herrira eta ingurura bideratu dira. Gaur egun, Smarako haurrek, udan Oporrak Bakean programan parte hartu eta Espainiar Estatuko herri desberdinetan harrera familia izango dutenek gaztelaniazko oinarrizko ezagutzak bereganatu ahal izango dituzte. Izan ere, irabaziak horretara bideratu dira, haurrek eskolaz kanpoko ekintza bezala gaztelania ikas dezaten. Elkarteko zenbait kidek abendu amaieran egindako bidaian, eskola materiala eraman ahal izan zuten. Horrez gain, irakasleen ordainsaria ere izango da, baita haurrentzako askaria ere.

Ondorioz, Olentzero Batzordearen izenean Munduaz Blai Elkartetik Etxebarriko herritarrei eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen ekarpenengatik, guztion artean proiektua aurrera egiten ari delako.

Eskerrik asko!