Albisteak

 

Euskal Estatistika Erakundeak, EUSTATEK, aste honetan atera berri ditu 2 urte baino gehiagoko Euskadiko biztanleen 2016ko euskararen ezagutza mailaren datuak.

Horien arabera, egun Euskadin 5 biztanletatik hiruk (%60,7) euskarazko ezagutzaren bat du, eta %42 berriz euskalduna da. Hau da, euskaldunak (euskaraz ulertu eta hitz egin ondo egiten dutenak) 895.942 biztanle dira eta ia euskaldunak (euskaraz ulertu ondo edo erdizka egin arren hitz egiteko zailtasunak dituztenak) 391.897 biztanle.

Datu orokorrez gain, Eustatek datuak herrika ere eman ditu. Horrela bada, Etxebarriko 2016ko datuak eskura ditugu ere.  Aipagarria da Etxebarrin ere euskararen ezagutzak izan duen aurrerapena eta gehikuntza 2011 urtearekin alderatuta.

EUSTATEn datuen arabera 2016an %9,03 euskaldun gehiago daude Etxebarrin (guztira %35,35) 2011urtean zeudenekin konparatuta. Aldiz, ia euskaldunen kopurua bi urte horiekin konparatuta %10,12 jaitsi da (guztira 22,78).  Beraz, euskaldunak eta ia euskaldunak batuta, Etxebarrin euskararen ezagutzaren portzentaia %58,13a da, hau da 6.190 biztanle.

Aipagarria da ondoko herrietan ez dela halako gehikuntza kopururik eman. Adibidez Basaurin %5,02 euskaldun gehiago daude (guztira %28,19) eta Galdakaon berriz %4,20 (guztira % 43,14).

Etxebarrik, Bizkaiko beste udalerri batzuekin batera (Arakaldo, Lanestosa, Sopuerta, Bakio, Trapaga eta Barakaldorekin) euskaldun kopuru gehien irabazi duenetakoa da. Herri hauetan gehikuntza %7 eta %9 bitartekoa izan da.