Albisteak

 

2017ko kontabilitate-ekitaldia behin itxita, hauexek dira ekitaldiko aurrekontuaren emaitzaren daturik esanguratsuenak, baita geldikinarenak ere.

2017ko gastuen eta diru-sarreren hasierako aurrekontua 10.549.914,89 eurokoa izan zen. Urtean zehar egindako aurrekontu-aldaketek 12.647.194,68 euroraino igoarazi dute aurrekontua. Behin ekitaldia amaituta, diru-sarrerak guztira 11.568.038,69 eurokoak izan dira eta gastuak 10.509.704,09 eurokoak. Honek aurrekontuaren emaitza positiboa eragin du, 1.058.334,60 eurokoa hain zuzen ere.

2016ari konparatuta sarreran igoera nabarmen bat dago (10.740.692,34 €). Igoera honen zioa Metacaleko guneko etxebizitzen eraikuntza-lizentziaren sarreran dago, hasierako aurrekontuan aurreikusita ez zeuden 700.000 €.
 
2017 urtean zehar guztira 941.455,36 euroko inbertsioak egin dira hasiera batean, aurrekontua 225.000 eurokoa izan bazen ere, hauetako ia guztiak Udalak azken urteotan baliabideen inguruan egindako kudeaketa arduratsuari eta zuhurrari esker aurrera eraman dira.

Kopururik handienak hauetan kokatzen dira: futbol zelaiaren berrikuntza nabarmena (soropila, larrialdietarako sarbide berria eta led argiak), Asturiaseko eta Extremadurako kantoien berrurbanizazioa, Bide eta Ibilbide Osasuntsuen proiektua, Etxebarri Marka proiektua eta “harrizko bidearen” erreforma. 

Hau ikusirik, eta aurrekontuaren emaitza kontuan izanik, doikuntza egin ondoren gastu orokorretarako diruzaintzako geldikina ia 3 milioi eurokoa da (2.898.557,44 €).

Kontuan izan behar dugu geldikina 2017an hasi ziren zenbait proiektutarako konprometitua dagoela, baina 2018an burutuko direla: Santa Marinako urbanizazioak, Kukullagako aterpea handitzea, Bekosoloko lurzatia eraberritzea, zaintza kamerak jartzea eta martxan dauden enplegu-planak. Guztira 965.889,39 € gehitzen dira 2018rako eta kopuru hau geldikinetik deskontatu beharra dago.

Udalaren gardentasun printzipioa mantenduz udalaren web gunean eta Hirixen argitaratuta dago aurrekontuaren likidazioaren informazio zehaztua. Horretaz gain, 2018ko kudeaketa plana, aurrekontua onartuak eta aurreko ekitaldietako likidazioak ere kontsulta daitezke.

Ziurgabetasun sozioekonomiko orokorra eta aurreko urteetan Udalkutxari itzuli beharreko kopuru garrantzitsuak alde batera utzita,  baliabideen kudeaketa zuhurrak Udalak udalerriak behar dituen inbertsioei aurre egitea ahalbidetuko du.