Albisteak

 

Etxebarriko Udalak 2017ko azaroaren 30ean  burututako Osoko Bilkuran, Etxebarrin Euskararen Normalizazioaren aldeko hainbat akordio onartu zituen. Aipagarria da alderdi guztiek aho batez onartu izana denak.

Kontuan hartuz Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an dela, Udalak Eudel erakundeak proposatutako adierazpen instituzionala onartu zuen. Bertan, Euskara urtean egun batez ospakizunerako gai bat izanda, baita ere 365 egunez aritzeko gaia dela adierazi zen. Alegia, elkarlanerako, auzolanerako eta adostasunerako gaia. Hori behar baitu euskarak; guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan eta abar.

Etxebarriko Udalak, Eudelen adierazpen horri bere konpromisoak batu zizkion. Etxebarrin hazkunde prozesua bizi izan eta ari du euskarak, eta bi izan dira prozesu horren zutabe nagusiak. Hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan asko izan dira heldutan euskara ikastea erabaki zuten herritarrak eta, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin izan dutenak:

Lehena.- Ezagutzaren hurrengo urratsa erabilera dela kontuan hartuz, Etxebarriko Udalak herritar, elkarte, erakunde, enpresa eta instituzioekin lankidetzan, plangintzaren  bitartez euskararen erabilera sustatu nahi du Etxebarrin. 

Bigarrena.- Euskararen erabilerak Etxebarrin jauzi sendo eta nabarmenak eman ditzan, Etxebarriko Udalak helburu horren alde dauden Etxebarriko gizarte eragileekin euskararen alde lan egingo duen Euskara Batzordea eratuko du.

Hirugarrena.- Etxebarriko Udalak bere eskumen eta betebehar guztiak euskararen erabilera bermatzearen alde erabiliko ditu.

Laugarrena.- Euskararen normalizazioa Etxebarrin egi bihurtzen joan asmoz, Etxebarriko gizarte eragileekin hitzarmengintza ildoa jorratuko du. Hitzarmengintza lan-dinamikak landuko duen  lehen esparrua Kirola izango da. Etxebarriko kirol klubekin ezagutzaren eta erabileraren inguruko konpromisoak zehazteko eta lotzeko, Etxebarriko Udalak  lan egingo du.

Bosgarrena.- Etxebarriko Udalak bat egingo du 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri osoan burutuko den euskararen erabileran eragin nahi duen “11 EGUN EUSKARAZ” kanpainan.

Seigarrena.- Azken konpromiso gisa, Etxebarriko Udalaren Osoko Bilkurak, aurki eraikiko den antzinako Metacal fabrikako unitateko plaza berri bati EUSKALTZALEAK PLAZA izendatzea erabaki zuen.

Hau guztia era sistematizatu eta programatu batean aurrera eramateko. Etxebarriko Udalak berriztu egiten du ESEP (Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana) izeneko Normalizazioa plana. 2018-2022 urte bitarteko epealdi berri baterako Plan Estrategiko bat onartu zuen Osoko Bilkurak aho batez. 

Aurretik 2017ko abenduaren 31ra arte indarrean dagoen ESEParen 2014-2017 Plan Estrategikoaren inguruko balorazioa ontzat hartu zen. Bertan, euskararen arloan Etxebarrin emaitzak, poliki-poliki bada ere, hobetzen doazela ondorioztatzen da. Hemendik aurrerako onartu den Plan Estrategiko berrian ere, helburu nagusia euskaraz bizi nahi duten etxebarritarrek hala izateko beharrezkoak diren hizkuntza politikako neurriak martxan jartzea eta sustatzea izango da. Hau da; alde batetik, euskaraz bizi nahi duten etxebarritarrei horretarako aukerak eskaintzea; eta, beste aldetik, maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean, Etxebarrin euskararen berreskurapen osoa lortzeko urratsak ematea eta areagotzea.

Plangintzaldi  berri honetan ere helburu estrategiko nagusia erabilera izango da gizarteko esparru guztietan; bereziki, kalean, administrazioan, merkataritzan, kulturgintzan eta aisialdian. Bestetik, ESEParen lehen plangintzaldian emaniko jauziari eutsi nahi zaio. Hau  da, ekintzetan eta ekimenetan hartzaileak, umeak izateaz gain; gazteak eta helduak izan daitezen gure hizkuntza normalizazioari begirako estrategien eta ekintzen hartzaileak.