Albisteak

 

Aurten ere euskaldunontzat hain egun garrantzitsua den hau ospatuko da Etxebarrin. Gure artean ere, ospakizun honen inguruan izaera eta ezaugarri desberdinetako etxebarritarrak bildu nahi ditugu 2 egunetako egitarauan. Euskaraz dakitenak, ez dakitenak, apur bat dakitenak, gutxi dakitenak, helduak, gazteak, haurrak, familiak… Hau da, etxebarritar guztiak daude gonbidatuta, euskara maite duten etxebarritar guztiak.

Eta horretarako aurretik lanean aritu dira antolatzaileak diren batzordekideak (Kukullaga ikastetxea eta Elkar Guraso Elkartea, Talka, Etxebarriko Ludotekak, Euskaltegia, Arpela Euskaltzaleen elkartea eta Etxebarriko Udal Euskara Zerbitzua) , egitarau erakargarri eta oso bat antolatzen. Eta baita lortu ere; alde batetik, jaia eta alaitasuna, eta bestetik, euskaraz 365 egun bizi nahi izatearen inguruko aldarrikapena.

Abenduaren 1ean goizez, etxebarriko haurrei eta nerabeei zuzendutako euskarazko aldizkari bakarra egiten duten Kukullaga Ikastetxeko ikaslez beteko dira frontoiko harmailak. Lehen hezkuntzako ia 700 ikasle hauek pailazoak eta magoa izango dituzte ikusgai. Potxin eta Patxin pailazoak eta Kidam magoa nor baina nor ibiliko dira goiz horretan guztien barrenak algaraz eta ilusioz betetzen. 

Abenduaren 2an goizez eta arratsaldez euskararen aldeko egun hau egitarau baten inguruan mamituko dugu. Kiroldegian goizez elkartasunak eta euskarak bat egingo dute. Bertan etxebarritarrek 12:00etatik 14:00etara ariketa fisikoaren bidez euskararen eta elkartasunaren aldeko jarrera azaldu ahal izango dute.

Etxebarriko gaztetxoek aukera paregabea izango dute Talkan ikus-entzunezko ahalmenak garatzeko eta errealitate egiteko “Euskarazko Laburmetrai Lehiaketan”. Larunbatean arratsaldez Talkara hurbiltzen diren gazteek bertan grabatuko dituzte laburmetraiak, ondoren Talkaren blogean zintzilikatuko direlarik.

Bitartean, 18:00etan, Etxebarriko Udal frontoiko egitarauari hasiera emango zaio Standa bandaren eskutik. Talde honek hurbilduko diren etxebarritar familietako kide guztiak dantzan jarriko ditu, frontoian zehar giro ederra eta algarak barreiatuz.

Jarraian, eta EUSKARAK 365 EGUN herri ekimenaren barnean, batzorde antolatzaileak prestatutako euskararen aldeko manifestua irakurriko da. Egunero delako euskararen eguna.

Ondoren txokolate goxo eta bero bat hartzeko aukera eskainiko da. Bukatzeko Aldats elektrotxarangak musikaz beteko ditu Etxebarriko kaleak. Kalez-kale talde honekin mota guztietako euskal abestiak entzun eta dantzatuko ditugu.

Hau guztia kontuan hartuta, lerro hauen bidez Etxebarriko Udalak “Euskarak 365 egun” lelopean deitutako ekimen hauetan parte hartzeko deia egiten die etxebarritar guztiei, euskararen aldeko norabide horretan urratsak ematen jarraitzera animatuz. Gainera, ostegun honetan burutuko den osoko bilkuran Euskararen Nazioarteko Eguneko Adierazpen Instituzional bat onartzeaz gain, antzinako Metacal fabrikako unitateko plaza berri bati EUSKALTZALEAK PLAZA izendatzea eztabaidatuko da.