Albisteak

 

EUDELen, trukerako tailer bat izan da, udal-hautetsi eta -teknikarientzat, estrategia lerrokatua duten EAEko eta Europako udalak abiarazten ari diren gobernantza onaren arloko kudeaketako tresnei eta praktika arrakastatsuei buruz.

Konrad Adenauer Fundazioaren lankidetzarekin antolatutako tailerrean, EAEko 20 udalek hartu dute parte, besteak beste, hiru hiriburuek, eta, hizlari aditu gisa, Europako 5 hiritako ordezkari hautetsiak aritu dira: Hagen eta Südeifel (Alemania), Moulins (Frantzia) eta Aalto eta Rovaniemi (Finlandia) udalerritakoak, hain zuzen.

Bilbo, 2017ko azaroaren 23a. Gaur, egun osoz, Euskadiko Udalen Elkartearen egoitza eztabaida-gunea izango da, EAEko eta Europako udalen arteko goi mailako topaketa bat egiteko. Praktika onak trukatzeko tailer bat da, EUDELek eta Konrad Adenauer Fundazioak Madrilen duen kanpo ordezkaritzak elkarrekin antolatuta. Azken hori Alemania, Frantzia eta Finlandiako 5 hiritako hautetsiek (gehienak, alkateak) osatutako ordezkaritza batekin batera etorri da, tokiko Gobernantza Onaren praktika aurreratuen berri emateko.

Jardunaldi honetan, Euskadiko hogei bat udaletako 40 udal-hautetsik (alkateak, zinegotziak eta teknikariak) hartu dute parte. Egunean zehar, udal bakoitzaren esperientziak eta proiektuak ezagutzera emateaz gain, Euskadiko eta Europako udal-hautetsiek kezkak, erronkak eta aukerak partekatu dituzte, EAEko eta Europako udalek esparru horretan egiten duten lana aberasteko.

Jardunaldia hasteko, Konrad Adenauer Fundazioaren zuzendari Wilhem Hofmeister aritu da, EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landarekin batera. Azken horren hitzetan, "Oraingoan ere, EUDEL trukerako gune dugu, Europako gure auzokoekin jarduteko. Konpromiso argia dugu Europako herrialderik aurreratuenetako batzuetatik iritsi diren erreferentziako ereduak eta praktikarik egokienak zuei eskaintzeko".

Jardunaldi osoan, Gobernantza onaren arloa aztertu da, hala estrategia politikoaren nola kudeaketa administratiboaren ikuspegitik. Taldeek bost mahai eratu dituzte, lan egin, hausnartu eta eztabaidatzeko, eta, haien bidez, bakoitzak gobernantza onaren printzipioak nola ezartzen dituen landu dute, besteak beste, etika publikoa, gardentasuna, kontuak ematea, herritarren parte-hartzea eta kudeaketa egokia, udal-politikako esparru desberdinetan; hauetan, besteak beste:

* Tokiko finantzak eta udal-aurrekontuak.
* Berrikuntza publikoa, modernizazioa, antolaketa-eraldaketa eta kultura-aldaketa.
* Toki-mailako politika sozialak.
* Udal-hirigintza eta aldaketa demografikoak dakartzan erronkei –besteak beste, zahartzeari– emandako erantzuna.

EUDELeko elkarteburuak azaldu duenez, “Benetako demokraziak maila askotako gobernantza inklusiboa du berme, instituzioen arteko elkarlanean eta erantzunkideak diren herritarrekiko etengabeko entzunaldian eta hizketan oinarritutako gobernantza. Ildo horretan, etorkizuna gero eta gehiago dago hirietan, eta tokiko gobernuetan, haiek baitira herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak”.

Europako ordezkaritzaren bidaia Alemaniako Konrad Adenauer Fundazioaren Espainiako eta Portugaleko ordezkaritzak antolatu du. Euskadira egindako bisita honetan, EUDELen tailerrean parte hartzeaz gain, bilerak antolatu dira Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin (atzo, azaroak 22, asteazkena) eta Donostiako alkate Eneko Goiarekin (bihar, azaroak 24, ostirala).

Konrad Adenauer Fundazioa 1955ean sortu zen, Alemaniako lehen kantziler federala (Konrad Adenauer) izandakoaren ondare humanistiko eta intelektuala bultzatzeko. Alemaniako fundazio politiko handienetako bat da; herrialde osoan, 70 bulego baino gehiago ditu, eta proiektuak gauzatzen ditu 120 herrialdetan. Fundazioaren xedea da demokrazia, zuzenbide estatua eta merkatuko gizarte-ekonomia bultzatzea, elkarrizketaren eta kultura eta erlijioen arteko trukearen aldeko apustu irmoa eginez, bakea eta askatasuna sendotzeko.

Euskadiko udarrietan Gobernantzaren arloko Europako Bikaintasun Zigilua (ELoGE) ezartzeko EUDELen proiektu pilotua.

Bestalde, saioaren hasieran, EUDELeko arduradunek hurbilketa bat egin dute gobernantza onaren kontzeptura, EAEko eta Europako esparruan. EUDELen eskutik eta Europako Kontseiluarekin elkarlan estuan EAEko udalerri batzuetan testatzen ari diren metodologien eta tresnen adibideak aurkeztu dira, besteak beste, Gobernantzaren arloko Europako Bikaintasun Zigilua (ELoGE). Proiektu pilotu horretan, hiru lurraldeetako 9 euskal udalek hartzen dute parte.

CoEk proposatutako tresna (Benchmark) metodologikoki egokitu ondoren, 2017an, esperientzia pilotu bat jarri da abian, eta EAEko bederatzi udalek hartzen dute parte. Horrenbestez, gobernantza oneko 12 printzipioekin zenbateraino lerratzen diren jakin nahi da, eta, hala badagokio, hobetzeko planak ezarri nahi dira, hemendik gutxira printzipio horiekin bat egin ahal izateko. Proiektua ez da gertaera bakartutzat hartzen, etengabeko hobekuntzako proiektu dinamikotzat baizik. Izan ere, sare bat sortu nahi da, interesa duten udalek harekin bat egin dezaten, tokiko gobernantza ona lortzeko lanean aritzeko.

"Azken batean, udal adimendunak (Smart Cities) eraiki nahi ditugu, gobernantza on eta adimendunaren bidez, hau da, pertsonak, printzipioak eta balioak erdigunean jarriz, eta bikaintasuna bilatuz, herritarrek emaitzarik onenak izan ditzaten". Imanol Landa, EUDELeko elkarteburua.

EUDELeko Komunikazio arloko kontaktua:
Alma Moro
686 10 22 79
moro@eudel.eus