Albisteak

 

Harribide Fundazioa Etxebarriko gizarte erakunde bat da; Kukuaren Taldeak eta San Antonio Gaztedia aisialdi taldeek, San Antonio parrokiak eta EDE Fundazioak eratua. Bi sari garrantzitsu jaso ditu oraintsu.

Batetik, BBK-DEIA Elkartasun Sarien bigarren edizioan saria jaso du, beste zazpi erakunderekin batera, kohesio sozialaren, parte-hartzearen eta hezkuntzaren alde egindako lanagatik. Gainera, gazte migratzaileen gizarteratzearen alde egindako lan solidarioa ere bereziki aipatu da. Erakundeko pertsona ugari bertaratu ziren sari-banaketara. Horien artean, proiektuan parte hartzen duten gazteetako batzuk. Jose Alberto Vicentek, Harribideko presidenteak, jaso zuen saria. Eskerrak eman zituen eta adierazi zuen gazte migratzaileek zailtasun handiak dituztela beren prozesu pertsonalak garatzeko, batez ere egoitza-txartelak berriztatzeko unean eta lan-baimena indarrean jartzeko unean, lan-eskaintza bat eduki arren.

Bestalde, “Egoitza-harrera komunitarioaren sarea, ahultasun edo/eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden seniderik gabeko gazte migratzaile atzerritarrak gizarteratzeko laguntza" izeneko programak La Caixa Fundazioak banatzen dituen Berrikuntza Sozialaren sarietako bat jaso du. 10 proiektuk jaso dute saria 2016ko edizio honetan, Estatu osoan aurkeztutako 1100 proiekturen artean.

Proiektu hau aldi baterako harrerarako 7 etxebizitzaz osatutako sare bat da. Ahultasun edo gizarte-bazterkeria egoeran dauden eta gertuko seniderik ez duten 18 eta 35 urte bitarteko gazte migratzaile atzerritarrentzako etxebizitzak dira. Bizkaiko prestazio eta zerbitzu sistemaz baliatu ezin diren pertsonak izaten dira. Proiektuaren berezitasunak honakoak dira:

1. Harrera egiteko modua. “Familia” egiturako espazio eta loturak sortzen dira, gizarte-bazterkeria mota ezberdinak integratuz.
2. Talde zabala eta anitza dago inguruan, eta haien arteko lotura nagusia bizimodua partekatzeko motibazioa da, arlo guztietan.
3. Parte-hartzaile bakoitzaren gizarteratze-prozesuan laguntzeko talde profesional bat dago.
4. Harrera-proiektuan parte hartzen dutenen artean Bizkaiko zerbitzu eta prestazio sozialak eskuratu ezin dituztenentzako tresna inklusibo baten garapena, gizarte-bazterkeriari arreta emateko beste baliabide batzuetarako zubi-lana eginez.

Epaimahaiak proposamenaren izaera berritzailea, komunitatean gizarteratzeko apustu sendoa eta komunitatearen inguruan ematen duen definizioa baloratu ditu bereziki. Harribidek “La Caixa” Banku Fundazioko Zuzendari Nagusi Jaume Giróren eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko ministro Dolors Montserraten eskutik jaso zuen saria.