Albisteak

 

Iragan martxoan elikagai, haur-janari eta osasun-materiala biltzeko kanpaina bat burutu da, Grezian errefuxiatutako Siriarren alde.

Etxebarritar bolondres batzuk arduratu dira biltze-lekuetan materiala jasotzen eta sailkatzen. Guztira 6 palet bete eta bidali dira  SOS Errefuxiatuak GKE-aren eta Zeruan elkartearen bidez. Iazko kanpainarekin alderatuz; non umeak eramatekoak, aulkiak, tapakiak, jostailuak eta antzekoak biltzen ziren; oraingoak elikagai, hau-janari eta osasun-materiala biltzen arduratu da. Hori dela-eta bildutako materialaren bolumena jaitsi egin da; eta, ondorioz, palet gutxiago behar izan dira baina, aldiz, astunagoak.

Mila esker eskuzabal jokatu duten Zeruan eta Celia Delgado Matías elkarteko kide batzuei eta baita ere bidalitako paletak sailkatzen era antolatzen lagundu dutelako. Eskerrak ere eman behar SEUR Fundazioari aipatutako bidalketez arduratu delako.

Aipatutako bidalketak eta hauen gastuak burutzeko, Etxebarriko Udalak 1.000 €ko dohaintza egitearen gaia maiatzeko udalbatzara eramango du, Grezian errefuxiatuta dauden Siriarren alde laguntza humanitarioa bidali asmoz.

Etxebarrin ere lurraldeko hainbat lekutan garatzen ari den #pasaportesparasiria ekimenarekin bat egin dugu. Beste proiektu solidario batzuen artean, "Tenga mucha suerte" liburuarekin ari dira orain, euskaraz zein gaztelaniaz idatzia. Haurrentzako liburu bat da, eta helburua zera da: hemen bizi dugun errealitateaz aparte beste batzuk ere badaudela ikusaraztea. 10 € eta bidalketa gastuak ordainduta, www.pasaportesparasiria.es orrian eros daiteke liburua. Gainera, azken euskal liburu eta disko azokan salgai egon zen eta 250 € bildu zituzten. Diru hori, alde batetik, City Plaza hoteleko  ur-berogailua erregaiz hornitzeko erabiliko da, gurasoek beren haurrak ur hotzarekin bainatu behar ez ditzaten; bestetik, autogestionatutako alojamendu horretara jaki freskoak eramateko ere erabiliko da.

Gainera, Lorena Velez eta Loli Velasco sustatzen ari diren Etxebarri Siriarekin herri ekimenaren barruan, hainbat sukaldaritza tailer egiten ari dira Talka gazte gunean.  Tailer horiek familiei zuzenduta daude batez ere, eta txikiek zein nagusiek parte hartzeko dira. Behin materialak eta osagaiak erosteko gastuak kenduta, bildutako dirua Siriako errefuxiatuei laguntzeko proiektu solidarioetarako erabiliko da. Gabonetako tailerrek eta Errege eguneko gozoki-salmentak 890 € biltzea lortu zuten. Udala arduratu zen osagaiak ordaintzeaz. Diru guztia Siriara bidali zen. Azken tailerretan 1.920 € bildu dira eta Siriako Herriari laguntzeko Elkartera (AAPS) eta elkarte horrek bertan dituen proiektuetan laguntzera bideratuko da.

Amaitzeko, ekainaren 3an, Etxebarriko pintxo-pote tradizionala inoiz baino solidarioagoa izango da. Izan ere, pintxo-pote bakoitzeko 0,10 € emango dituzte kontsumitzaileek, eta jarduera horretan parte hartzen duten lokalek beste 0,10 € emango dute. Beraz, pintxo-pote bakoitzeko 0,20 € bilduko dira, eta SOS Errefuxiatuak Sarean erakundera bideratuko dira.