Albisteak

 

Etxebarriko Udalak argiteria publikoaren kudeaketa osoa esleitu dio Electricidad Martín SA eta Ferrovial Servicios SA enpresek osatutako ABEEari.
Helburu nagusia argiteria publikoaren sistema eraginkor eta iraunkorra ezartzea da, Etxebarriko argi-kalitatea hobetuz.

Abantailak ingurumen arlokoak izango dira, CO2 isurketa murriztuz; baita ekonomikoak ere, indarreko legeriaren arabera kostu energetikoak murriztuz. 2020 urterako, Udalak, EEErekin elkarlanean (Energiaren Euskal Erakundea), honako konpromisoak hartuko ditu: energiaren % 20ko murrizketa lortzea eta energiaren azken kontsumoaren % 20 energia berriztagarrietatik etorritakoa izatea. Horrela, negutegi-efektuko gasak saihestu eta udalerriko argi-kalitatea handituko genuke.

Ez gara hutsetik abiatuko. Aurretik ere hobekuntza batzuk egin dira argiteria armairuetako esku-hartzean; fluxua erregulatzeko gailuak instalatu dira; obra berrietan argi eraginkorragoak jarri dira, hala nola Forua kalean, Galizia kalean, Bekosolorako sarbidean, Andaluzia kalean…
kontratatutako potentziak doitu dira eta kontsumoaren ordu-tarteak aldatu dira, Udaltalde 21ekin elkarlanean burututako proiektu baten bidez.

Prozesuaren aurretik, energia arloko ikuskaritza bat burutu zen. Argiteriaren mapa bat egin zen, udalerriko puntu ilun edo kritikoak eta esku-hartzea behar duten guztiak adieraziz. Ikuskaritza horren emaitza gisa, lizitaziorako pleguak egin dira, enpresa adjudikaziodunak bete beharreko lau baldintza nagusirekin:

1. Kudeaketa energetikoa: Instalazioen hornidura elektrikoaren kudeaketa, kontsumitutako energiaren kostua barne.
2. Mantentze-lana: Argiteria-instalazioen funtzionamendu ona bermatzea.
3. Berme osoa: Kontratua burutu bitartean hondatutako elementu guztiak konpontzea eta aldatzea.
4. Hobekuntza-lanak eta instalazioen erreforma: Ikuskaritzak berak markatutako inbertsioak egitea; eta, horrekin batera, Berrikuntza Planaren, Berdintasun arloko diagnostikoaren eta TALKAK aurkeztutako proposamen bidez udalak abiatutako parte-hartze prozesuetan proposatutakoak (denak daude jasota lehiaketaren pleguetan).  Hobekuntza edo inbertsio arloko lan horien oinarriak honakoak dira:

• Instalazioaren eraginkortasun energetikoaren modernizazioa eta hobekuntza. Ia osorik LED motakoa izango den konponbide bat proposatzea (argi-puntu guztien % 93), aplike edo baliza argiak izan ezik. Horietan argi zuria jarriko da, azken belaunaldiko halogenuro metalikoen lanpararekin.
• Udalerriko aginte-gune guztietan telekudeaketa sistema ezartzea. Horien barruan daude udalerriko leku adierazgarrietan burutuko diren puntuz puntuko telekudeaketa duten hiru proiektu pilotu.
• Argiterian segurtasun eta erosotasun maila egoki bat bermatzea, baldintza-pleguetan proposatutakoa hobetuz.
• Gabonetako argiteriari dagokionez, udal jabetzako elementu guztiak eta enpresak emandakoak jarriko dira, hasiera batean ordezkapen batzuekin.
• Oinezkoentzako pasabide batzuetan argiteria erregulatzea (udaltzaingoak identifikatutakoak). Presentzia-sentsoreen bidezko sistemak ezartzea aurreikusi da, pertsonak gerturatzean potentzia handituz eta urruntzean segurtasun-argiztapenera bueltatuz.
• San Antonio eta San Esteban etorbideetan argi-hartune osoak aldatzea, errotondatik elizara eta San Antonioko sarrerara, herriko sarrerak baitira.
• Kontuan izan beharko dira inguruko eremu batzuk, hala nola industrialdeak, zubiak eta abar.
• Udalerriaren kalitatea hobetzen laguntzeko ahaleginak egitea.

Kontratuak 11 urteko iraupena izango du guztira. Adjudikazio-prezioa 253.800 eurokoa izango da, urtean. Horrek esan nahi du urteko % 12tik gorako aurrezkia izango dela (35.000 € inguru urtean).

Esku-hartzeak udalerri osoan burutuko dira irailetik aurrera, eta gutxi gora behera 6 hilabeteko epean amaituko dira.