Albisteak

 

Etxebarriko Udalak jakinarazi nahi du Etxebarriko Eskolako Agenda 21 Foroa egin dela asteazkenean, maiatzaren 17an, Udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ekitaldian parte hartu dute Loren Oliva Alkateak, Miguel Ángel Herrero Alkateordeak eta 21 ikaslek osatutako ordezkaritza batek, Etxebarri BHIko Eskolako Agenda 21 programa koordinatzen duen irakasleak lagunduta, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurugela-CEIDAko ordezkari batek ere.

Ikasleek, Eskolako Agenda 21en testuinguruan eta ikasturte honetako gaiarekin lotuta, ikasturtean egin dituzten jardueren laburpen bat aurkeztu dute. Aurtengo gaia hau izan da: espezie exotiko inbaditzaileak.

Martxoan ikastetxearen inguruan egin zuten ibilbidearen ondoren, zein espezie inbaditzaile identifikatu zituzten azaldu dute, bai eta non dauden kokatuta eta zein diren horien ezaugarri zehatz batzuk ere. Hauek identifikatu dituzte: Fallopia japonica, Budleja davidii, Cortaderia selloana, Robinia pseudoacacia, Arundo donax eta Bidens aurea.

Gero, espezie exotiko inbaditzaileak sartzea eta ugaritzea saihesteko zein konpromiso hartu dituzten jakinarazi dute. Hauek dira: atzerrian eskuratutako landare edo animaliarik ez garraiatzea; animalia exotikorik ez askatzea; espezie exotiko inbaditzaileak desagerrarazteko antolatutako jardunaldietan laguntzea; eta espezie eta ekosistema autoktonoak zaintzea.

Era berean, Etxebarriko Udalari eskaera hauek egin dizkiote: sentsibilizazio kanpainak egitea; espezie horiek hedatuta dauden lekuetan informazio-panelak jartzea; udalerriaz gaineko ekimenetan parte hartzea; eta espezie exotiko inbaditzaileak desagerrarazteko eta tokiko espezieak landatzeko egunak antolatzea.

Udalaren ordezkariek, ikastetxeak egin duen lanarekin esker oneko, azaldu dute espezie exotiko inbaditzaileen aurka zer lan egin duten, bereziki ibaiertzean, eta sentsibilizazioaren garrantzia azpimarratu dute. Ondoren, iazko ikasturteko Foroan egin zitzaizkien eskaeren gauzatze-mailaren berri eman dute; horietatik gehienak jada gauzatuta daude. Loren Oliva Alkateak bertaratutakoekin zenbait proiektu berri kontrastatu ditu, eta udalerrian ibiltzeko ohiko garraiobide gisa bizikleta erabiltzearen garrantzia azpimarratu du. Bukatzeko, parte-hartzaileei opari bana eman diete.

  Aurkezpen osoa